XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BIDARIARENA

Ba nekian jakin aldez aurretik bidea liluragarria eta arriskutsua izango zana.

Nire aurretik joandakoen eta oraindino ala betirako itzuli bakoen zurrumurruak holan inostan.

Bide ertzean jesarrita luzerotik nengoan eta leku probetxugarri hortixik ikusten nituen pasakeran mendez mendeko bidariak: zeruertza hatzamar artean harrapatu gurean etozan indartsu eta gogotsuak.

Arratsalde beheran zeruertzaz batera makaldu egiten zan honen pausu eta gogo arina; bizitzaren nora ezean bidenabar etozanak; zaldia galapan, hauts artean, lantza eskuan etorren metalezko zalduna, bide osoa egun berean egiteko asmoaz, baina burdinoriaren itsu-mutsuan bideko edertasunak ikusi ezin eikezana; ordurarteko bizimoduari lepoa emon eta beste non-edo-non bizi-itxaropenen bat aurkitzen joiazanak; nekearen nekez, paradisutik urten barriak, narraz eta tarraz ebilzanak, eta halan da guztiz be euren astirotasunean aurrera; bidean gelditutako beste batzuen hazur eta gorpuen lorratzek asmatu azoten eusten hainbat jazoera.

Jomuga ezbardinaz izanda be, bidera urten eta abiatzen ausartu ziralako miresgarriak eta maitagarriak bidariak niretzat.

Helburua, zein lainotsu zein argitan dogularik, adorea eta ausardia dira ta aurrerantza garoezenak eroan be.

Hainbeste ikuskizun ausnartu ondoren bide bazterreko txokoa itxi eta ibiltari hasi nintzan.

Hori bai, urteetako lozorroa ta hautsa astindu behar izan nebazan aurretik.

Han ninoian ba, ortozik lurraren bizitasuna gorputzetik zehar sentitzeko, zoramena bihotzean ibilaldia dastatzeko.

Goizeko argitasunak emoten dauan poztasunak eta lanbroaren freskotasunak arindu ebezan nire lehen pausuak.

Ia ia berez ninoian, larregi konturatu barik, oinak ziran aurrelari, hainbaten urrinera ikusten nebazan beste bidariakaz bat egin gurean.

Han ez egoan bide txartelik, norberak egin behar noratzakoa; hau don askatasuna, ninotsan neure buruari, holan ikusiko jonat nire ahalmen eta gurariok norainokoak dozanan.

Ingurua eder ederra zan, orduan behintzat.

Asmatu eitekezan kolore eta kolore nahasketa guztietako zuhaitz bedarrek inguratzen ninduen.

Lore bigun guriak eta arantzez beteriko loreak.

Halan be bide ondoko sasi bihurriak bideraino okertzen ziran, hire oinak urratuz, baita be odoletan ipiniaz.

Odolak, izerdiak eta hautsak, danak nahas-mahastean oinetako barriak egin eusten.

Gogortu egin jatazan oinok.

Eguzki galdarak eta oinetako barriok astiroagotzen eben lehenagoko ibilkera arina.

Beste bidarien eta nire artean sortutako bitartea luzetuz joian, hareazko erlojua inoiz baino geldiroagoa iruditu jatan iruditu be.

Hauts itxaropenezko lorratzak jarraitzen nebazan.

Halako baten zeruertzetik desagertu ziran bidariok.

Eguzkia bera be atari gorritik sartzen hasia zan.

Inguruaren kolorea ilunduz joian.

Une batez geldirik nengoan, nora ezean.

Baina barru gurariak erne jatazanez gero aurrera eginan! ezin gelditu ba.

Hilargi betearen laguntasuna sentidu neban.

Ibiliaren ibiliaz hilargiak bere misterio eta liluraren maminera neroian.

Zein gozoro nenbilan ordu horretan argi xuri ximelapean! Ordurartekoa hustu eta beste bizimodu bat susmatzen zan.

Bat batean gizaldiz gizaldiko azti zahar horixkatuak agertu ziran koba baltzetatik.